Programa hau edozein gazterentzako da? Ingeles maila altua eduki behar da joateko?
Bai eta ez. 14-18 urte bitarte izateaz gain, jarrera positibo eta proaktiboa izan behar da. Hilabete osoko programa da, eta egoera berri asko bizitzeko prest egon behar da mentalki, beraz, motibatuta eta gogotsu joatea oso garrantzitsua da (derrigortuta joatea ez da gomendatzen). Ingeles-mailari dagokionez, ez da beharrezkoa maila altua edukitzea, baina bai konbertsazio bat edukitzeko moduko maila edukitzea; hau da, erantzun osoak emateko gai izatea ingelesez (erantzun monosilaboak ekidituz). Ingelesarekiko jarrera positiboa eduki behar da joateko, azken finean, programa honetan zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago jasoko duzulako.
Hilabete oso bat… ez al da denbora asko familiarekin? Nola dago banatuta hilabeteko plangintza?
Hilabeteko denbora gehiena familiarekin pasatzen da bai, baina astean zehar 1-2 aldiz elkartzen da taldea ekintzak egiteko (Welcoming/Closing event, ur parkeak, hirietara bisitak, kirol ekitaldiak…) astebukaerak libre uzten dira familiekin planak egiteko. Beraz, nahiko orekatuta dago ikasle bakoitzak familiarekin “bakarrik” pasatzen duen denbora eta taldearekin pasatzen duena.
Baina ekintzak baldin badaude, ingelesaren murgiltzea betetzen al da?
Bai! Ekintza denak ez dira egun osokoak, demagun 6-7 orduko ekintzak direla, eguneko gainontzeko orduak familiarekin pasatzen dituzte. Gainera, oso normala da familietako seme-alaba batzuk ekintza horietara joatea (amerikarrak). Honekin esan nahi duguna da jarrera proaktiboarekin doan gazte baten hobekuntza nabarmena izango dela (hizkuntzan). Ekintzen helburua hilabete horretan esperientzia desberdinak bizitzea da, eta taldearen eta begiralearen presentzia sentitzea ere.
Nondik lortzen dira familiak?
Gure Estatu Batuetako kolaboratzaileetatik.
Texasen eta Tennesseen bertan bizitza osoan bizi izan diren kolaboratzaileak ditugu. Hauek 15 urte baino gehiago daramate horrelako programak antolatzen eta familiekin eta gazteekin lanean. Gurekin ere 2016tik ari dira elkarlanean, izan ere, erabat sinesten dute kulturen arteko trukeek sortzen duten aberastasunean, eta haien kultura munduko beste lekuetako gazteei erakustea da haien pasioetako bat.
Ondorioz, kolaboratzaileen bitartez lortzen dira familiak. Gainera, familia hauek bertako komunitate erlijiosoaren parte izaten dira eta alderdi positibo bat bezala ikusten dugu programa honetarako kalitatezko familien hautaketa egiterako orduan. Izan ere, familia “onak” izaten dira, anfitrioi gertukoak, errespetudunak, balioei garrantzia handia ematen dienak eta haien etxeko ateak segituan irekitzen dizkizuten horietakoak.
Nolakoak dira familiak?
Ezin dugu perfil bakarra izendatu, danetarik dago. Gehien errepikatzen diren 3 profilak hurrengoak dira: bikote nahiko gaztea seme-alaba txikiekin, adin ertaineko bikotea nerabeak diren seme-alabekin, eta erretiratutako bikotea bilobekin. Ezin dugu guk nahi dugun familia “perfektoa” diseinatu, gazte bakoitzaren perfila kontuan hartuta, familia bakoitzak aukeratzen baitu zein ikasle hartu nahi duen etxean hilabete horretarako. Hori bai, Feel My Wayk erabakitzen du (bertako koordinatzaileekin batera) familia bat egokia den programarako edo ez. Eta noski, ikasle bakoitzaren lehentasunak hartzen dira kontuan, baina ezin da ziurtatu perfil zehatz batekoa izango denik egokitutako familia.
Familiaz aldatzeko aukera dago?
Ikasle bat bere familiarekin gustora ez badago, kasua aztertuko da. Askotan komunikazio gaizki-ulertuak egoten direlako izaten da, ikaslea eta familiaren artean. Horretarako, begirale eta koordinatzailearen laguntzaz egoera konpontzen saiatuko da. Arrazoia justifikatuta baldin badago, ikaslea familiaz aldatuko da. Kontuan hartu behar da, familiak ez direla baliabide mugagabe bat, beraz, baliteke familiaz aldatzeak egun batzuk irautea.